Ama Sua (2020)

"Ama Sua"
(2020)


MG bandak urteak daramatza Arratian musika jamaikarra lantzen. 14 urteko ibilbidearen ostean, "Ama Sua" izango da reggaezale hauen 4. lan luzea.

Abestiei estilo tradizionala emateko modu analogikoan grabatzea erabaki zuten. Entzuleak zintak eskaintzen duen berotasunaz gozatuko du, grabazio klasikoetako esentzia halanola bereganatuz. Binilo bat kaleratzea izan da beti taldearen helburuetako bat, eta aurten, ametsa egia bihurtu ahal izan dute, 10 pulgadako biniloa argitaratu dutelako. Ezohiko formatu hau da taldearen apustu berria: Soinu klasikoa formatu klasiko baten, naturaltasuna perfekzioaren aurretik jarriz. Mona Westmanek eskuz egindako artelanak ere sustraietara bueltatzeko gogoaren ideia borobiltzen du. Grabazio eta nahasketaz Xabier Urrutikoetxea eta Iñigo Olabarri arduratu dira eta masterizazioaz Ibon Larruzea.

Lan berri honek 5 abesti aurkezten ditu eta izenburu eta azalak iradokitzen duen bezala, berjaiotza baten aurrean gaude. Horretarako, suaren alde sinbolikoa erabili dute: "Zimentuak behar dira erre, kimu berriak dauz jaiotzeke".