
Lehenengo eta behin, nolakoa da musikalki "MG" izeneko koktela osatzen duten osagaiak?
Gure musikaren osagai nagusiak reggae-ska doinuak eta jamaikar musika izango lirateke. Eskaintza tropikala dela esan dezakegu, bizia, atsegina, dantzagarria eta poztasun berezi bat transmititzen ahalegintzen dena. Bide beretik, rock eta jazz ukituak ere aurki daitezke gure musikan. Taldekide bakoitzak bere nortasun propioa ematen dio aipatutako koktelari eta azken emaitza nahiko berezia eta pertsonala dela esango nuke.
Horrenbestez, zer da lehen CD honetan aurkituko duguna?
Disko honetan MG taldearen ibilbidean sortu diren abesti garrantzitsuenak egongo dira, hau da, denboraren joan-etorrian alde batera utzi ez ditugunak. Orain arte grabatu gabeko 7 kanta dira eta beste bi "Arratia bailarako musikea" errekopilatoriotik berreskuratu ditugunak. Azken baten, CDa 5 urte hauen laburpen bat izango da.
Grabazio prozesua nola joan da? Hasierako espektatibak bete dituzue?
Baietz esango nuke. Aste biko lana izan zen eta denbora aldetik kalkulu ugari egin ondoren gure helburua betetzea lortu genuen. Oso pozik gaude lortu dugun soinuarekin, izan ere, instrumentu eta ahots bakoitza behar besteko argitasunaz entzuten da. Rubenek asko lagundu digu eta baliabide ezberdinak erabili ditu gure musika borobiltzeko.
Talde jendetsua zarete; ezohikoa, inondik ere. Gaur egun nortzuk osatzen duzue MG?
Gaur egun 10 partaide gara, eta denak beharrezkoak! Haize-instrumentuetan Jon, Ander, Peio eta Lander, gitarran Unai, teklatuetan Iban, baterian Biser, perkusiñoan Gorka, ahotsetan Erika eta ni baxuan eta ahotsetan. Denok gara Arratiakoak Durangokoa den Erika izan ezik.
Atzera begiratu ezkero, noiz eta nola sortu zen taldea eta ze bilakaera izan du?
Materia Gris taldea 2006. urteko udan jaio zen. Arratiako Merkatari Elkarteak kontzertu bat eskaintzea proposatu zigun eta soilik astebete entseatu ondoren taula gainera igo ginen. Emanaldi hura desastre bat izan zen eta bigarrena antzekoa. Hortik aurrera gauzak zuzentzen hasi ginen. Abestiak sortu eta zuzenekoak hobeto prestatzeari ekin genion. Gure bilakaera kristona izan zen, besteak beste, fitxaketa berriak egin genituelako haize-instrumentu eta teklatua gehituz. Hasiera baten inork ez zuen txakur txikirik ematen gugatik eta gaur egun jendeak guganako izaten duen erantzuna harrigarria izaten da. Horrek asko betetzen gaitu eta jasotzen dugun zorion bakoitza gauza handia da gurea moduko talde apal batentzat.
Datozen aste eta hilabeteetan non ikusiko zaituztegu zuzenean?
Datorren apirilak 8an Bakion joko dugu eta 9an Arrasaten; 30ean aldiz, Santurtziko Gaztetxean. uda parterarte bailaratik kanpo ibiliko gara, udan berriro Arratian gogotsu ekiteko. Gainera, gure 5. urteurrena dela eta kontzertu berezi bat antolatzekotan gabiltza, baina momentuz ez dugu gauza handirik aurreratuko.
Zeintzu dira zuen asmoak epe laburrera begira?
Momentu honetan gure helbururik argiena oztopo eta traba guztien gainetik aurrera egitea da. Kontzertu onak eskaintzen jarraitu nahi dugu jendeak gure musikarekin gozatu dezan. Beti pentsatu izan dugu gauzak ondo egin ezkero denborak bakoitza bere lekuan ipintzen duela. Bizirik eta gogotsu gaudela aldarrikatu nahi dugu, betiko ilusioarekin aurrera egiteko prest.
www.myspace.com/materiagrisbanda
Unai S.