Eutsi! aldizkariaren 6. alea

Noiz eta zelan sortu zan taldea? Taldekide asko zarie, ez dot uste danok batera hasiko zinienik ezta? Zelan ezagutu zinien?
Baziren behin Zoro, Biser, Loiola eta Eder. Bakoitzak instrumentu bat jotzen zuen (bajua, bateria, gitarra eta ahotsa, ordenean) eta herriko ospakizun batean musika talde bat nahi zutenez abesti batzuk preparatu zituzten. Ia dena txarto irten zenez kontzertu bat ondo jo arte ez zirela geldituko pentsatu zuten eta gaur egun hemen jarraitzen dugu oraindik. Beste partaideak etapa desberdinetan etorri ziren.
Hasierako lau partaideak Lander tronpetista ezagutzen zuten eta bere ekarpena ondo egongo zelakoan taldean sartzeko eskatu zioten. Momentu horretatik aurrera musika jamaikarra nagusitzen hasten da (hasieran ez baitzen gure estiloa) eta MGren tamaina handitu egiten da. Iban (teklak) Landerrek berak ezagutzen zuen eta gainontzeko haizezko instrumentuak (Jon, Ander eta Peio) Zaustu taldean partaideak ziren gurekin etorri zirenean. Ukatu ezinezko proposamen bat egin genien.
Alineazio horrekin kontzertu asko eman genituen maketa grabatu arte. Hortik aurrera abeslaria joan egin zen eta Gorka sartu perkusioarekin. Ah! Eta bitartean Erika ere izan genuen ahotsekin laguntzen. Bera izan ezik denok gara Arratiakoak.

Materia Gris (MG), zelan bururatu jatzuen izen hori?
Hemen anekdota on bat jarri beharko genuke, izenaren zergatiari zentzu asko ematen diona eta abar baina istorioa oso sinplea da. Bere garaian materia grisa zer den ikasi genuen eta lelokeri moduan gauza desberdinei horrela deitzen hasi ginen (bedarra…). Taldeak izen bat behar zuenean, eta lagun baten gomendioari jarraituz, Materia Gris aukeratu genuen, gainera siglak jokua ematen baitzuten. Ordurik hona gauza asko aldatu dira baina izena konstante mantendu da MGk duen izena, ona edo txarra, lortzea gatz ikusten baitugu. Eta elkarrizketetan beti galdera bat gehiago egiteko aukera ematen du.
Eta lehenengo ensaioak ermita batean egiten genituen. Ikusten duzuen moduan ez daukagu anekdotarik.

Zelan definituko zeunkie joten dozuen musika?
Erantzun labur eta zehatzena reggae-ska jotzen dugula da. Gero, musika talde gehienetan gertatzen den moduan, bakoitzak bere influentziak ditu eta abestien osaketan asko nabaritzen da. Rock apurbat hemendik, jazz apurbat handik. Hori bai, dudarik gabe zuzenerako musika da. Abestien egitura, erritmoa eta dena orokorrean dantza egiteko eta jendea mugiarazteko pentsatuta dago.

Hainbat kontzertu emon dozuez mota askotako lekuetan, Euskal Jaian Pacha-n jotekoak ere izan zinien. Zein izan da kontzerturik onena? Txarrena? Eta bereziena?
Kontzerturik bereziena aukeratzeko gutaz aparte partaide izan diren beste taldeen izena nolako den hartu genezake. Lehengo urtean “New York Ska-Jazz Ensemble” taldearekin jo genuen Iralan eta Urduñan “Potato”rekin. Horrik biak Top 5ean egongo lirateke.
Txarrena pasa den udan gure herrian (herrietariko batean egia esanda), Igorren, jo genuena. Une berezia zen, taldearen 5. urteurrena ospatzeko zerbait berezia prestatu nahi baikenuen lagun askoren parte hartzearekin eta azkenean ez genuen kontzertua osorik jo “arazo teknikoengatik”. Pena bat izan zen gure etxean horrela portatu izana gurekin kontuan izanda ezer gutxi eskatzen genuela.
Eta kontzertu onak ia guztiak. Batzuk esatearren: Arrasateko gaztetxean, Areatzako jaiak 2009…

Maketa bat kaleratu dozue orain dala gitxi. Zelangoa izan da bere grabaketa?
Espero genuen bezalakoa, eta espero genuena denboraz justu eta arineketan ibiltzea zenez ba hori. Taldekide asko gara baina Zorok guztiok antolatzea lortu zuen grabaketa egun guztiak osorik aprobetxatzeko. Bestalde, zerbait grabatuta izateko genuen nahia itzela zen. Taldearen ibilbidea kontzertuz beteta dago eta askotan esan digute ea posible den CD bat edo lortzea, gure musika toki gehiagotan entzutea nahi dutela eta.
Ruben teknikaria (Zea Mays-eko bajista ere badena) itzel portatu zen gurekin eta lan polita egin zuen musika aldetik. Diseinua ere asko landu zuen Jonek. Bioi eskerrak.

Zailtasun asko ikusten dozuez taldea gazte batek musika panoraman lekutxu bat lortzeko?
Gaur egunean lekutxua interneteko konexioa duzunetik lortzen da. Hori bai, euskaraz abestean badakizu Euskal Herriko mugak gainditzea ia ezinezkoa izango dela. Horrez gain, esanguratsua da Euskal Herrian dagoen eskaintza musikal ikaragarria egonda disketxeek musika komertzialari egiten dieten lekua. Gurea moduko talde batek asko eskertzen du irrati independente eta txikien lana bertan baitago aniztasuna eta agertzeko aukera.

Badaukazue kontzerturik hurrengo asteetan?
Bai. Hurrengoa abenduaren 10ean izango da Erromoko Itzubaltzeta gaztetxean. Egon ginen azkeneko aldiko giro berdina badago kontzerturik onenen zerrendan oso goian geratuko da.


[Eutsi! aldizkaria] [Web bertsioa]